Seleccionar página

Iruña Okako Udalak tasak eta prezio publikoak arautzen dituzten zerga-ordenantzak aldatzea onartu zuen urriko ohiko osoko bilkuran. Hala, 2025eko Kontsumoko Prezioen Indizeari (KPI) dagokion % 2,9ko igoera aplikatuko zaie, eskaintzen diren zerbitzuen kostuak bizi-kostuaren bilakaerara egokitzeko.

Aldaketa PSE-EEren eta EH Bilduren aldeko botoekin, EAJ-PNVren abstentzioarekin eta Alderdi Popularraren aurkako botoarekin onartu zen. Hainbat ordenantzari eragingo die: zerbitzu publikoak emateagatik eta administrazio-jarduerak egiteagatik kobratzen diren tasak arautzen dituenari, hirigintzari eta ingurumenari lotutakoei, hirigintza-lizentziak eta txostenak emateari, jarduera sailkatuen lizentziei eta jarduera hasi aurreko komunikazioei. Era berean, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga, udal kirol-instalazioak erabiltzeagatiko prezio publikoa, zerbitzu publikoak emateagatik eta kultura-, kirol- eta bestelako jarduerak egiteagatik ordaindu beharreko prezioak, Santa Katalina Lorategi Botanikoko sarrerak eta espazioen erreserbak, eta ondasun higiezinen gaineko zerga arautzen dituzten ordenantzei ere eragingo die.

Onartutako testuak turismo-egonaldien gaineko zerga arautzeko ordenantza berri bat sortzea ere jasotzen du. Iruña Okako Udalak zerga horren kuotari % 100eko hobaria aplikatuko dio.

Espedientea jendaurrean egongo da udal-idazkaritzan 30 egun baliodunez, iragarkia Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egun baliodunetik zenbatzen hasita. Epe horretan, interesdunek egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte.

Nolanahi ere, 2026ko ordenantzan jasotako hobari guztiak mantenduko dira. Horrela, ehuneko desberdinetako hobariak aplikatzen jarraituko da hainbat zergatan eta ataletan, hala nola ondasun higiezinen gaineko zergan, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergan eta heriotzaren ondorioz zuzeneko senideen alde egiten diren zenbait eskualdaketatan.

Deskontu-bonuak eta tokiko merkataritzaren sustapena

Osoko bilkuran, halaber, aho batez onartu ziren tokiko merkataritzan kontsumoa sustatzeko deskontu-bonuen kanpaina berriaren oinarri arautzaileak. Udalaren planteamenduaren arabera, hurbileko merkataritzak garrantzi handia du ekonomiaren eta gizartearen eragile gisa. Izan ere, enplegua sortzeko gai den merkataritza-sare sendoa finkatzen laguntzen du, eta tokiko garapenaren ardatz nagusietako bat da.

Kontsumoa sustatzeko kanpainaren helburua Iruña Okako jarduera ekonomikoa indartzea da, hurbileko merkataritzan erosketak bultzatuz. Horretarako, udalerri osoan aplikatuko den pizgarri-sistema bat ezarriko da, herritarrek merkataritza-establezimenduetan, zerbitzuen sektoreko establezimenduetan eta ostalaritzakoetan erabili ahal izango dituzten deskontu-bonuen bidez.

Aurtengo kanpainaren berrikuntza nagusia deskontu-bonuen balioaren igoera da: iazko 6 euroetatik aurtengo 10 euroetara igaroko da, betiere gutxienez 10 euroko kontsumoa eginez gero. Gainera, deialdia adingabeei ere zabalduko zaie, eta haien legezko tutoreek izapidetu ahal izango dituzte eskaerak. Adingabeek beraientzat debekatuta dauden produktuak saltzen ez dituzten establezimendu atxikietan soilik erabili ahal izango dituzte merkataritza-bonuak. Kanpainak 20.000 euroko aurrekontua izango du.

Era berean, osoko bilkurak 149.542 euroko kreditu gehigarriaren espedientea onartu zuen. Zenbateko hori hainbat partidatara bideratuko da, besteak beste, musika-gelen klimatizaziora, udal-liburutegirako ekipamendu informatikoetara, ikastetxe publikoko obretara eta ekipamendura, langileen ordainsarietara eta Añanako Kuadrillari egin beharreko ekarpenetara. Horrez gain, bi lankidetza-hitzarmen onartu ziren Álava Agencia de Desarrollo erakundearekin. Lehenengoa Los Llanos industrialdeko 2. sektoreko bide bat konpontzeko lanak egiteko da, 48.394,47 euroko ekarpenarekin; bigarrenak, berriz, Los Llanos 1 industrialdeko berdeguneen garbiketa- eta mantentze-zerbitzuak arautzea du helburu.

Osasun-zentroari buruzko mozioak

Gai-zerrendako puntuak eztabaidatu ondoren, udal-taldeek Iruña Okako osasun-zentroari buruzko bi mozio aztertu zituzten, ikuspegi desberdinetatik. Horrez gain, EAJ-PNVk udaleko osasun-batzordea sortzeko eta Iruña Okako osasun-mahaia eratzeko aurkeztutako proposamena ere eztabaidatu zuten.

Lehenik eta behin, EH Bildu udal-taldeak aurkeztutako mozioa eztabaidatu zen. Testuan, osasun-langileen falta, udan osasun-arretarik gabe izandako uneak, profesionalen lan-gainkarga eta egungo instalazioen zaharkitzea salatu zituen alderdiak.

Proposamenak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio berehala bete dezala 2025eko abenduan aho batez onartutako mozioa, osasun-zentro berri bat eskatzeko. Azkenean, mozioa onartu egin zen, EH Bilduren, PPren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EAJ-PNVren abstentzioarekin.

Ondoren, Alderdi Popularrak aurkeztutako mozioa eztabaidatu zuen udalbatzak. Proposamen horren bidez, Eusko Jaurlaritzari eta Osakidetzari kalitatezko osasun-arreta egonkorra eta etengabea bermatzeko eskatu zitzaien, ordutegietan zein medikuen lanpostuetan hutsunerik egon ez dadin. Horretarako, langileen absentziak behar besteko aurrerapenarekin estaltzeko plan bat egitea eskatu zuen, zerbitzuen murrizketak edo itxierak saihesteko. Halaber, langileen egonkortasuna bermatzea, guardiak berrantolatzea eta osasun-zentro berri baterako jarduketen egutegia eta aurrekontu-inbertsioa zehaztea proposatu zuen.

Ekimena onartu egin zen, PPren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EAJ-PNVren eta EH Bilduren abstentzioekin.

Azkenik, EAJ-PNVk proposamen bat aurkeztu zuen, Udaleko Osasun Batzordea sortzeko eskatuz, «herritarren osasunarekin eta ongizatearekin lotutako gaiak aztertzeko, horien jarraipena egiteko eta proposamenak lantzeko udal-organo gisa». Era berean, Osasun Mahaia eratzea proposatu zuen, «Udalaren, erakundeen, profesionalen eta udalerriko gizarte-eragileen arteko parte-hartzea eta koordinazioa sustatzeko kontsulta-gune gisa». Proposamena baztertu egin zen: EAJ-PNVren hiru boto izan zituen alde, eta PSE-EEren, PPren eta EH Bilduren zortzi boto kontra.