Udalak, martxoko ohiko bilkuran, zaratei eta bibrazioei buruzko udal-ordenantza berria onartu zuen, Iruña Okako herritarren ingurumena eta osasuna zarata edo bibrazioengatik nahas ditzaketen jarduera, egoera edo instalazioei buruz Estatuko eta autonomia-erkidegoko araudian ezarritakoa osatu eta arautzeko. Arauak zehazten du zer ordutegitan egin daitezkeen obrak, kontzertuak, ikuskizunak edo zaratak sor ditzakeen beste edozein jarduera, bai eta gainditu ezin daitezkeen zarata- eta bibrazio-atalaseak ere. Halaber, neurgailuek izan behar dituzten ezaugarriak zehazten ditu eta ezarri beharreko zehapenak kuantifikatzen ditu.
Udalbatzan, halaber, jokabide-kode bat, gobernu ona eta Udaleko politika instituzionalaren kalitatearen aldeko konpromisoa onartu ziren. Kode hori Euskadiko Udalen Elkarteak onartutako testuan oinarritzen da, eta «tokiko ordezkari politikoek jarraitu beharreko printzipioak eta balioak argitzea eta horiek betetzea sustatzeko mekanismoak ezartzea» du helburu. Tokiko ordezkari den kargu publikoan, jokabide-printzipio hauek ezartzen ditu: osotasuna, eredugarritasuna, desinteres subjektiboa,
inpartzialtasuna, kontuak ematea, gardentasuna, zintzotasuna eta errespetua. Osoko Bilkurari kode hori aurkeztea martxoaren 3an PPk eta EAJk eskatuta egindako ezohiko osoko bilkuran gobernu-taldeak adierazitako konpromisoaren ondorio da. Bi alderdietako zinegotziek uste dute, besteak beste, «EH Bilduko bozeramaileak aurreko osoko bilkuran erakutsitako jarrerak edozein erakunde demokratikotan nagusitu behar diren errespetuzko bizikidetzarako eta elkarrizketarako oinarrizko arauak urratzen dituela». Ezohiko osoko bilkura horren gai-zerrendako puntuetako bat, hain zuzen ere, «errespetuaren kultura sustatzeko eta jokabide sexistarik ez izateko jokabide-kode bat onartzea» zen. Testua aurrera atera zen PSE-EE, EAJ eta PPren aldeko botoekin eta EH Bilduko bi zinegotzien abstentzioarekin.
Azkenik, aho batez onartu zen Arabako Foru Aldundiarekin hitzarmen bat sinatzea Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga (EJZ) eta Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga (EIOZ) ikuskatzeko. Lau urterako sinatu den akordio horri esker, Udalak kudeatzen dituen zergen ikuskapena erraztu ahal izango da, bai eta horien eraginkortasuna hobetu ere.